Kultura-ondarea

Arratsalde On!

Pasaden lauhilabetean, unibertsitatean gai baten inguruan hausnartzea eskatu ziguten. Denbora pasatu eta nire ikuspuntua guztiz aldatu da. Beraz, gaia burura ekarri eta nire ikuspuntu “berria” blog honetan islatzea gustatuko litzaidake. Planteatutako materia kultura-ondarea zen, historiarekin eta gizartearekin guztiz lotuta dagoen arloa. Hori berreskuratu eta horren beharraren diskurtsoa garatuko dut. 

Baina, honekin hasi baino lehen, zer da kultura-ondarea? 
Kultura-ondarea ondasun higiezin, higigarri eta immaterialen multzoa da. Gizartearentzako nortasun eta identitatearen aldetik garrantzitsuak dira eta horren ondorioz babestu behar ditugu. Kultura-ondarea izateko, hainbat ezaugarri izan behar ditu, hala nola, ondareak gizakiak edo gizarteak sortu behar izan du, hauek lehenalditik jasoak izaten dira, eten gabe aldatuz doaz eta gizarteak babesteko beharra du.

Hau aintzat hartuta, gure gizartean daukan izugarrizko garrantzia azpimarratzea gustatuko litzaidake. 
Kultura-ondarearen esanahia gizartean duen funtzioarekin lotura zuzena du. Funtzio hirukoitza dauka: Bizitzakoa, ikustaldikoa eta lanekoa. Honekin esan nahi dudana zera da, bizitzakoa aipatzean haren identitate funtzioa azpimarratu nahi dut, hau da kohesio soziala baimentzen dituen sinbolo eta oroipenak; ikustaldikoan, bere funtzio estetikoaz hitz egitea ezinbestekoa da, bai balio artistikoa bai bere monumentaltasuna dela medio; azkenik lanekoa aipatzen dut kultura-ondarea mantentzeak lana bultzatzen duelako,  hala nola bere mantenimendua, haren inguruko ikasketak, horren hedapena…

Noizean behin entzun dugu kalean kultura-ondarearen kontra dauden pertsona askoren pentsamenduak, horien esaldiak honako hauen antzekoak izan daitezke:  “Ez du ezertarako balio”, “hilda dagoen zerbait da”, “horiek mantentzen gastatzen den dirua gauza garrantzitsuagoetan inbertitzeko balio ahalko zen.”. Horregatik ezinbestekoa iruditu zait azaltzea niretzat zergatik den garrantzitsua kultura-ondarea eta zer funtzionamendu duen gure gizartean.

Bizi garen, lan egiten dugun edota bisitatzea gustatzen zaigun ingurunearen ezaugarria da. Gure kultura-ondarea ulertuz gero, geure burua eta mundu honetan guk dugun funtzioa hobeto ulertzen lagunduko digu. Dauzkagun baliabide potentzialak eta horiekin nora iritsi eta zer bihurtzera heldu gaitezkeen ulertarazten digu.

Nork ez du, noizbait bere herriak dituen monumentuez edota kulturaz harrotu? Pertsona guztiok, modu batean edo bestean, gure herriarekin identifikatuta sentitzen gara. Ondasun kulturalak gure historia eta gure iragana gogorarazteko balio du eta horrekin batera, horren parte sentitzeko.  
Honako hau hobeto ulertzeko adibide hurbil bat jarriko dut: zer gertatuko litzateke bizitza osoan bizi zaren etxea erautsi egiten bada, han barruan zeuden oroipenekin, argazkiekin, dokumentuekin, bizitza osoan zehar lortutako lorpenekin… batera. Zure etxea izaten jarraituko zuen? Zer dira zuretzat han gordetzen dituzun argazkiak? Pentsa ezazu zer-nolako lotura dugun gure iragana irudikatzen dituen objektu eta oroipenekin. Hori desagertuko balitz, guk garen pertsona izateari utziko genioke. Hortaz, hiriko monumentuak edo gertakizunak mantentzea, gure bizitza pribatuan kontserbatzen ditugun oroipenak bezain garrantzitsuak dira, izaera, identitatea eta geure burua gizarte baten barruan hobeto ulertzen laguntzen digulako. 

Kultura-ondareak jakintasuna eskaintzen digu. Gizarteari ezaguera eta garapen kulturala ematen dio. Kultura-ondareak hezteko balio du, iragan lokala eta nazionala ezagutzen baimentzen digu eta, horren ondorioa, garapen intelektuala eskaintzen dio populazioari. Gure iragana ezagutuz gero, gure orainaldiarekin antzekotasunak aurki ditzakegu eta ohiko bizitzan, politikan, ekonomian...gertatzen diren hainbat gauza ulertzeko gai izango gara. 

Historiaren ezaguerak hausnarketara eramaten gaitu eta gaurkotasuna jarrera kritiko batekin aurre egitea baimentzen digu. Gure herriaren iragana momentu guztietan isla daiteke eta hori ulertzeko soilik azaldu behar da. Ikasleak egunero ikusiko du eta horren inguruan galderak egingo dizkio bere buruari, gure zeregina irakasle bezala zalantza horiei erantzuna bilatzea eta eskaintzea da. Ondarea hezkuntza-baliabide bezala irakasten ikasi behar dugu. 

Gure kultura ondarea ez dago “harri zaharrez” eginda. Egia esanda, kultura-ondareaz mintzatzen garenean, bai iraganaren bai orainaldiaren aspektu guztietaz hitz egiten ari gara, bizi garen eta baliotsu kontsideratzen dugun gizartearen barnean izaten dira eta etorkizuneko belaunaldiak gozatzea merezi dute.

Guretzat balio kultural garrantzitsua dituzten lekuak, objektuak eta ohiturak gure kultura-ondarearen baitan aurkitzen dira. Beraz, kultura-ondarea ez dago soilik “gauza zaharrez” eginda, baizik eta, ohitura berriak ere gure ondarean barnean kokatuta daude, guretzat balio kulturala dutelako eta gure seme-alabei iristea nahi ditugulako.

Aurreko guztia kontuan hartuz, gure kultura-ondarea ondo ezagutzea eta ulertzea merezi da eta, horrekin batera horiek mantentzeko esfortzu guztiak erabiltzea. Aintzatetsia den eta guztiek errespetatzen duten kultura ondarea  gizarte baterako erreferentea da. Gizarte hori nondik datorren eta nora irits daitekeen kontziente da, eta ingurunea babesten du hori sustatzeko.



Comentarios

Entradas populares